2016(e)ko otsailaren 24(a), asteazkena

Argazki Olinpiada


Kaixo guztioi!

Aspaldi partez gure ikastetxeek eta herri/auzoak lotzeko helburuarekin lanean gabiltza. Eta baita ere ikastetxe ezberdinen arteko harremana sustatzen.

Oraingoan, ekimen berri bat aurkeztu nahi dizuegu. Ikastetxeak eta herri/auzoak hurbiltzeko nahiaz gain, modu xumean bada ere, gure ikastetxeen eta hezkuntza sarearen hedapen publikoa egiteko helburua jarri dugu. Eta beste urrats txikia bada ere, oso interesgarria izan daitekeela gaude.

Eta hau da proposamena: Argazki Olinpiada bat burutzea.

Gaia: “Nire eskola, gure eskola”. Nolakoa da gure eskola? Zer nabarmendu dezakegu?.. Bakoitzaren ikastetxean egindako argazkiak izanen dira, edota ikastetxetik bultzatutako ekimenak jasotzen dituztenak.

Nori zuzenduta? Sortzen Elkarteko ikastetxe bazkideetako guraso zein hezitzaile orori.

Zertarako Argazki Olinpiada? Jasoko ditugun argazkiekin erakusketa ibiltaria osatuko dugu, ikastetxe, kultur etxe edo bestelako kultur guneetan erakusteko helburuarekin.

Gurasoak eta hezitzaileek gure ikastetxeen inguruan ditugun ikuspegien bidez, jendarteari irekiko dizkiogu ateak.

Hau da:

  • Argazki Olinpiada: guraso eta hezitzaileak euren ikastetxeen argazkiak egin eta bidali
  • Erakusketa osatu: jasotako argazkiekin, batzuk paperean eta markotan jartzeko aukeratuko dira, eta gainontzekoak modu digitalean parte hartuko dute ere erakusketan.
  • Erakusketa ibiltaria: gure eskaintzari erantzungo dioten ikastetxe, kultur etxe edo kultur guneetara erakusketa eramango dugu, gure ikastetxe eta hezkuntza sarea argazkien bidez ezagutzera emanez.


Interesa gehiago baduzu, Sortzen Elkarteko Argazki Olinpiadaren oinarriak irakurri itzazu. Eta zalantzak izatekotan argazkisortzen@gmail.com helbidera idatzi.

Argazkiak egin eta aurkezteko epea 2016ko martxoa da (23 asteazkena azken eguna).

Denon artean eta ematen ditugun urrats bakoitzean sortzen dugu Eskola Publiko Berria.

PARTE HARTU ARGAZKI OLINPIADAN!


"Hots Gurasoak" elkarteko Sortzen Batzordea